Albisteak

Jon Kortazarrek jaso du aurtengo Gerriko Beka. "Estatu frankistaren eraikuntza Goierrin. Lehen udal-talde frankistak eta udal langileen depurazioa" lana garatuko du jasotako laguntzarekin.

Bost lan aurkeztu dira aurtengo XVIII. Gerriko Bekara, estilo eta gai ezberdinetakoak denak. Iñaki Alegria informatikan doktoreak eta EHUko irakasleak eta Maider Larrañaga EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zienzien Metodologia Sailean irakasleak osatu dute aurtengo epaimahaia. Ohi bezala, Jokin Apalategi soziologoa izan dute alboan, bekaren zuzendari zientifiko gisa.

Estatu frankista Goierrin nola eratu zen aztertuko du Kortazarrek, dikadura nork babestu zuen eta administrazio publikoan horrek nola eragin zuen aztertuz. Idatzizko iturriak erabiliko ditu horretarako, eta Goierriko 20 herritara zabalduko du ikerketa. 7.000 euroko laguntza jasoko du guztira, lana egiteko.

Ostiral iluntzean egin zen ekitaldian eman zen jakitera bekaren irabazlea, eta XVI. edizioko liburuaren aurkezpena ere egin zen: "Turismo industriala Goierrin eta Euskadin: enpresak bertatik bertara bisitatzeko aukerak eta onurak". Galder Guenagak eta Goizalde Hernandok egin dute lana.