Albisteak

Lazkaoko Udalak lehen aldiz antolatu du aurten San Prudentzio jaietarako egitarauko azalean jartzeko irudiaren lehiaketa. Guztira, 11 lan aurkeztu dira, eta epaimahaiaren saria Maria Karmen Oria Zabalak jaso du.

Amagoia Naldaiz zinegotziaren eskutik jaso du 200 euroko saria gaur arratsaldean udaletxean egin den sari banaketa ekitaldian. Festen hasierako suziria da Oriak egin duen irudiaren erdigunea. Herriko plaza atzean duela, marraztutako txinparta batzuk gehituta osatu du irudia irabazleak. “Txupifesta” izena eman dio lanari, irudian agertzen diren bi elementu nagusiak uztartuta.

Festa batzordeko partaideek zein batzorde buruak eta Lazkaoko Udaleko bi zinegotzik osatu dute epaimahaia. 2018ko San Prudentzio festak apirilaren 20an hasiko dira, eta maiatzaren lehenean amaituko dira. Lazkaomendi auzoko festak, berriz, maiatzaren 5ean eta 6an izango dira.

Hau da Mari Karmen Oriak egin duen jaietako egitarauko azalerako irudia: