Albisteak

Gerriko Ikerlan Bekaren 24. liburukia aurkeztu dute Gerrikok, Maizpidek eta Lazkaoko Udalak. Gazteen sormen emozionala sustatzeko “Sentituz, izan sortzaile” esku-hartze programa jasotzen da liburukian.

Goretti Soroa, Aitor Aritzeta eta Nekane Balluerka izan dira egileak, eta gazteen sormen emozionalaren oinarrizko ezagutzan sakontzeko eta gaitasun sortzaile zein emozionalak praktikan jartzeko interesa duen edonori zuzenduta dago lana.

Egileek azaldu dutenez, lau zatitan dago banatuta liburua. Lehen zatian oinarrizko ezagutza teorikoak jorratzen dituzte; bigarren zatian esku-hartze programaren diseinua, ezarpena eta ebaluazioa aurkezten dira; hirugarren zatian programako parte-hartzaileengan izan duen eragina; eta laugarren zatian ondorio esanguratsuenak.

Goierri Eskolako eta Ordiziako Oianguren ikastetxeko 200 gaztek parte hartu dute ikerketan.

Bekaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, 23. liburukia inprentan dago eta martxoaren 16an aurkeztuko dute. Lazkaoko Udaletxean izango da aurkezpena. 18. edizioari buruzko datuak ere eman dituzte. Aurreratu dutenez bost lan aurkeztu dira. Epaimahaia osatuko dute orain, aurkeztu diren lanen artean beka nori eman erabakitzeko.