• Hiru urte ondoren,‘Egiptora ihesaldia’ antzezlana berreskuratuko da eta 13:00etan eskainiko da Lazkao Txiki zelaian.

 

Ohiturei jarraipena emanez, urteko lehen igandean Astotxo Eguna ospatuko du Lazkaok. Errege Egunaren edo Epifaniaren ondorengo igandean ospatzen den ospakizuna da hau eta aurtengoan igande honetan, urtarrilak 7, izango da.

1652.urtean du jatorria jai honek, Zistetar komentuaren inguruan. Lazkaoko mojek Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa azaltzen duten irudiak elizako presbiterioan jarri zituzten eta herritarrentzat ohitura bilakatu zen horiek bisitatzea. 80. hamarkadan, ohitura horretan beste pauso bat eman zen, herritar talde batek irudiko pasartea antzezlan bihurtu zuenean. Ordutik, 100 herritarretik gora dira urtero kale antzerkian parte hartzen dutenak.

Azken hiru urteetan, pandemiaren eraginez albo batera utzitako “Egiptorako ihesa” antzezlana berreskuratuko da aurten, eta Lazkao Txiki zelaian izango da, eguerdiko 13:00etatik aurrera. Aurtengoan 150 herritar inguruk hartuko dute parte Zawopi elkarteak antolatutako antzezlanean, Infantadoko dukearen jauregia Herodesen jauregi eta Lazkaoko alde zaharra Judean bilakatuz.

Urtero bezala, Meza ospatuko da 11:00etan Santa Anaren monastegian eta ohiko olata salmenta ere egongo da.

Gainera, Gipuzkoa Enkarterri arrazako astoen lehiaketa ere egingo da goizean zehar.