Lazkaoko Udalak zehaztu du 2018rako aurrekontua: 7.092.842 eurokoa izango da. Asteartean egindako osoko bilkuran onartu zen datorren urterako aurrekontua.

Sarrerei dagokionez, ohi bezala, iturri nagusia Fondo Forala izango da. Aurrekontu osoaren %50 suposatuko du. Udalak zuzenean kudeatzen dituen sarrerei dagokionez, zuzeneko zergen bidez 1.443.600 euro jasoko ditu: ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoengatik… Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen bidez kobratutako tasei dagokien sarrera 1.488.215 eurokoa izatea aurreikusten da: zaborren inguruko zerbitzuengatik, ur hornidura, edo kiroldegiko zerbitzuengatik, adibidez.

Gastuei dagokionez, aurrekontuaren %39 gastu sozialei dagokie, %31 inguru oinarrizko zerbitzuei, %11 antolaketa eta administrazio orokorrari, %4 zorra kitatzera bideratuko da, eta %12 inbertsioetara.

Aurrekontua kapituluka banatuta aztertuz gero, pertsonal gastuak (lehen kapitulua) 1.401.000 eurokoak izango dira. Aurrekontuaren zatirik handiena zerbitzuetara bideratuta dago (bigarren kapitulua), aurrekontuaren %50 zehazki. Hala, ohiko programak eta zerbitzuak bermatzera, hau da, ur hornidura, kale garbiketa, kirol zerbitzuak, zabor bilketa, eraikinen garbiketa edo gizarte zerbitzuak, 3.685.178 euro bideratuko dira.

Udala parte den beste erakundeetara egin beharreko ekarpenetara, herriko eragileei bideratutako diru laguntzetara eta gizarte zerbitzuetako laguntzetara 718.620 euro bideratuko dira. Ohiko programak eta laguntzak mantentzeaz gain, 2018rako beste laguntza programa bat ere jarriko du martxan Lazkaoko Udalak: gazteei zuzenduta, alokairua ordaintzeko laguntzetarako partida berri bat onartu du udalak.

Aurrekontu osoa osatzen duten gainontzeko 1.135.000 euroak inbertsioetara eta udalak 2013tik duen mailegua ordaintzeko erabiliko dira. Aurtengo ordainketak
eginda, mailegua guztiz itzuliko da, eta, beraz, udalaren zorpetzea zero eurokoa izango da datorren urtean.

Iturgaitzagako eta Larreategiko hirigintza proiektuak

Aurrekontuaren %12 inbertsioetara bideratzea da Lazkaoko Udalaren asmoa, hau da, 850.000 euro. Une honetan, kopuru horretatik 500.000 euro egokitu dira Iturgaitzagako (195.000 euro) eta Larreategiko (70.000 euro) hirigintza garapenetan udalak duen parte hartzeari aurre egiteko.

Informatika eta fondo bibliografikoa berritzera 6.000 euro bideratuko dira, 25.000 euro aurrezpen energetikoko egitasmoak garatzera, udaletxeko teilatuan dauden egitura arazoak konpontzeko izango dira 140.000 euro eta beste 64.000 euro baserri bideen konponketarako.

Gainontzeko 350.000 euroak kreditu orokor modura jasoko dira, eta ezustekorik ez bada eta 2017ko aurrekontuaren itxiera bideratzen den heinean, inbertsio eta behar berrietara bideratzea aurreikusten da.