Lazkaoko Udalak eta LazkaOn elkarteak antolatutako "Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon" kanpainaren barruan laugarren eta azken zozketa egin da. Hiru afari zozkatu dira, eta honakoak dira saridunak:

  • Macario Blazquez de Tomas
  • Marci Pinto
  • Gloria Moreno Prieto

Herriko 52 merkatarik eta 27 ostalarik parte hartu dute kanpainan, eta lazkaotarrek erosketak herrian bertan egiteak duen garrantzia nabarmentzea izan da helburua, merkataritzak eta ostalaritzak Lazkaoko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz.

Mota honetako dinamizazio kanpainen garrantzia eta helburu nagusia ez da herrian erosten duten herritarrak saritzea soilik. Helburua sakonagoa da. Herrian dauden zerbitzuak mantendu eta berriak erakartzea, hain zuzen, Lazkaok herri erakargarria izaten jarraitzea baita guztion helburua. Herriko komertzio eta ostalaritza dinamizatzeak, herriko bizia dinamizatzen laguntzen du, eta guzti hori lortzeko, nola ez, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea.

Iaz bezala, parte hartzea oso garrantzitsua izan da aurtengo kanpainan ere, eta azken lau asteetan ohikoa izan da Lazkaoko denda eta tabernetan herritarrak eranskailuak jaso eta txarteltxoan itsasten ikustea. Horregatik, Lazkaoko Udalak eta LazkaOn elkarteak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei.

Merkataritza eta Ostalaritza mahaiaren hurrengo bileran egingo da kanpainaren balorazio sakonagoa, baina emaitzak oso positiboak izan direla aurreratu daiteke.
Lazkaoko Udalak, gainera, LazkaOn merkataritza elkartea eta Merkataritza zein Ostalaritza Mahaian biltzen diren agente guztien arteko elkarlana azpimarratu nahi du. “Denen parte hartzerik gabe, ez ziren kanpaina eta ekintza guzti hauek posible izango”.

Era berean, LazkaoOn merkataritza elkartea azken hilabetetan hartzen ari den susperraldia azpimarratu nahi da. Elkarteko kide kopurua goraka doa, eta horrek ekintza eta kanpaina berriak martxan jartzeko indarrak areagotzen ditu.

Hala, eta udazkeneko kanpaina bukatu bada ere, merkataritza eta ostalaritza indartzeko ekintzek aurrera jarraituko dute datozen hilabeteetan; bai udalaren bidez herriko merkatariei, ostalariei eta zerbitzuei zuzenduta antolatutako kanpainen eta egitasmoen bidez; eta baita LazkaOn merkataritza elkarteak antolatutakoen bidez ere.