Albisteak

Larunbatean jarriko da martxan Gaztelekua, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta. Gaztelekua kultur etxean dago kokatuta eta larunbat eta igande arratsaldetan egongo da irekita, 16:00etatik 20:00etara. Hezitzaileen laguntzarekin, tailerrak, jolasak, irteerak eta bestelako ekintzak egingo dituzte aurtengo ikasturtean ere.

Lazkaoko gaztetxoen gurasoei zuzenduta, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte urriaren 28an eta 29an. Gaztelekuko instalakuntzak eta bertan egiten dituzten jarduerak ezagutzeko aukera izango dute gurasoek. Gaztelekua irekita dagoen orduetan bertara gerturatu behar dute Gaztelekua ezagutu nahi duten gurasoek.

Aurtengo ikasturtearen irekiera festa azaroaren 4an izango da, eta festa antolatzeko gazteen parte hartzea eskatuko da, irekiera egunean zer egin nahi duten zehazteko. Hala, asteburu honetan eta hurrengoan bilerak egingo dituzte azaroaren 4ko festarako ekintzak erabakitzeko eta horiek prestatzeko.

Lazkaoko Gaztelekua 2009tik dago martxan. Herriko haurrek dituzten beharrei erantzutea da Gaztelekuaren helburua, hala nola, gizarte garapenean, kulturalean eta heziketan, eguneroko bizimoduan behar dituzten tresnak baliatuz. Hori guztia bideratzeko euskara erabiltzen da, eta gurasoen inplikazioa ere ezinbestekoa dela ikusten da udaletik. Hala, ate irekien jardunaldietan parte hartzeko deia luzatzen zaie gurasoei.

Asteburu honetan hasi eta apirilaren 15era arte astebururo egongo da irekita Gaztelekua.

Buletina

Lazkaon dauden azken berriak jasotzeko, harpidetu gure buletinean
Please wait