Lazkaoko Udalak, LazkaOn Merkataritza Elkartearekin elkarlanean, “Udazkenean aisiaz gozatu Lazkaon” kanpaina jarri du martxan, bigarren urtez. Kanpaina honetan, herriko 52 merkatarik eta 27 ostalarik parte hartuko dute.

Egitasmo honekin lazkaotarrek erosketak herrian bertan egiteak duen garrantzia nabarmendu nahi da. Hala, merkataritzak eta ostalaritzak Lazkaoko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz.

Kanpaina urriaren 18ra arte egongo da martxan. Ordura arte, ostalariek eta merkatariek txartelak banatuko dituzte bezeroen artean, eta erosketa edo kontsumizio bakoitzagatik eranskailu bat emango dute. Ostalariek banatuko dituzten txartelak betetzeko, bezeroek zortzi taberna ezberdinetako eranskailuak lortu beharko dituzte. Merkatarien txartelak, aldiz, bost eranskailu ezberdinez osatu beharko dira; horietako bi, gutxienez, Lazkaon merkataritza elkarteko kide diren merkatarienak izan beharko dira.

Behin txartela osatuta, udaletxean jarriko den kutxa batean sartu beharko du txartela herritarrek, izen-abizenak eta kontakturako telefonoa zehaztuta. Kutxan jasotako txartelen artean, lau zozketa egingo dira, irailaren 27an, urriaren 4an, 11n eta 18an. Zozketa horietan, aisialdiarekin lotutako lau sari erakargarri banatuko dira:

  • Irailak 27: Zinema denboraldirako hiru bono
  • Urriak 4: Hiru ebook
  • Urriak 11: Kiroldegirako urte baterako hiru bazkidetza
  • Urriak 18: Hiru afari Lazkaoko jatetxe batean, 4 pertsonentzako

Beraz, udazkenen honetan ere, herriko merkatarien eta ostalarien eskaintzez gozatzeak saria izango du. Azken finean, merkatarien eta ostalarien jardunak herria alai eta bizirik mantentzen laguntzen dute. Horrek hala izaten jarrai dezan lan egiten jarraitu behar da.