Beste urte batez Lazkaoko Udalak bat egingo du Nazioarteko Mugikortasun Astearekin. Irailaren 18tik 22ra hainbat ekintza antolatu dira herrian eta herritarren artean mugikortasuna bultzatzeko.

“Elkarbanatzeak handiago egiten zaitu” lemarekin bat eginda, autoa etxean utzi eta oinez, bizikletan edo patinetean herrian zehar ibiltzea bultzatzea da helburua. Aurten, garraio partekatua sustatu nahi da, garraio publikoaren erabilera edo autoa konpartitzeko joera bultzatuz, besteak beste.

Aurten ere San Benito ikastolarekin elkarlanean antolatu dira ekintzak. Hala, bide segurtasunaren inguruan egin dituzten lanak ikusi ahalko dira kultur etxean, astelehenetik ostiralera bitartean, 16:30etik 19:00etara. Aurreko astean zehar Lazkaoko Udaltzaingoak emandako azalpenak kontuan hartuta egin dituzte lan horiek ikasleek.

Horrez gain, patinen gainean egiteko jolasak edo bizikletarekin egiteko gynkana, txirrindu martxa, monoziklo ikastaroa eta autorik gabeko eguna dira ekintza nagusiak. Gogoratu, ekintza guztietan kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango dela.

Irailaren 22a, ostirala, izango da autorik gabeko eguna. San Benito ikastolak egun hau aprobetxatuko du Oinezkoen Metroa egitasmoa berriz martxan jartzeko. Haurrak eta gurasoak ikastolara oinez joatea animatzeko ekintza da Oinezko Metroa. Egunero lau zutabe aterako dira herriko puntu ezberdinetatik, elkarrekin eskolara oinez joateko.