Urrian jarriko da berriz martxan Pausoka egitasmoa, Lazkaoko Udalak, Txindoki egoitzak, Orobione, Azki eta Nagusilan elkarteek, San Benito ikastolak eta Osakidetzaren herriko anbulatorioak bultzatuta. Adinekoei zuzendutako egitasmoa da, beste herritar batzuekin elkartu eta elkarrekin kirola eginez osasuna hobetzea helburu duena.

Pausoka egitasmoa asteartero izango da ikasturte honetan ere, 10:30ean hasita. Urriaren 3an hasiko da, ekainera arte, ikastolako egutegi bera jarraituz.

Hilabeteko azken asteartean, San Benito ikastolako ikasleek eta Txindoki egoitzako erabiltzaileek ere parte hartuko dute. Ikasleen laguntzarekin irtengo dira orduan paseora gerontologikoko erabiltzaileak.

Aurten, ordea, beste pauso bat ere eman nahi da, Txindokiko erabiltzaileek iaz bizi izan zuten esperientzia paregabea izan baitzen. Hala, hilean behin izan ordez, adinekoek astero Pausoka egitasmoan parte hartzea da helburua. Horretan lagunduko duten boluntarioak behar dira, hilean behin, gutxienez, Txindokiko erabiltzaileekin batera paseora irtetzeko.

Laguntzeko prest dauden herritarrek etxez-etxe banatu den txartela bete eta udaletxera eraman behar dute. Udaletxean ere eskuratu ahalko da izena emateko txartela. Irailaren 19an, 16:00etan, bilera bat egingo da izena eman duten boluntarioekin. Udaletxean izango da bilera.

Informazio gehiago nahi duenak udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean eskura dezake (943 08 80 80 - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.)