Albisteak

Uztaila eta abuztua oso oparoak izan dira aurten ere turismoari dagokionez. Goitur Goierriko Turismo Agentziak eman dituen datuen arabera, gora egin du bisitari kopuruak, eta iaz lortutako errekorra gainditu egin da aurten.

Eskualdeko turismo bulegoetan jasotako datuen arabera, 15.664 bisitari gerturatu dira uda honetan eskualdera. Horiei, ordea, euren kabuz edo beste bide batzuetatik iritsitako bisitariak gehitu behar zaizkie. Hala, iaztik % 0.2 egin du gora turismoak gora aurten. Niko Osinalde Goiturreko zuzendariaren arabera, “iazko udalko %23.2ko igoera izugarria kontuan izanda, aurtengoak ere gustura egoteko datuak dira”.

Datuekin pozik

Felix Urkola Lazkaoko alkatearen eta Goiturreko lehendakariaren iritziz ere, “datuak oso onak dira”, eta “jasotako fruituek, ereindako hazia modu egokian landu dela adierazten dute”. Goiturrek urtean zehar egin dituen kanpaina promozionalek “erantzun ona jaso dutela ikustea pozgarria da” Urkolaren arabera.

Hala, udan lanean aritu diren establezimenduetako eta zerbitzu turistikoetako langileei eskerrak eman dizkie Urkolak: “Gaur aurkezten ditugun datuak beraiek eskaini dutenaren erantzuna dira, eta bailara modura zoriondu eta eskertzekoa da”.

Horrela, goierritar guztiei eskualdeko produktu turistikoak ezagutzeko gonbita egin du Goiturreko lehendakariak: “Hala, etxekoak izango gara, bisitarien aurrean, enbaxadorerik onenak. Guztion artean datuak luzaroan mantentzen ere lagunduko dugu, horrek eskualdeko jarduera ekonomikoari eta goierritarron ongizateari ematen dion bultzadarekin eta babesarekin”.

Hainbat datu:

  • Nazioarteko 37 herrialdetatik iritsi dira turistak Goierrira, batez ere Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniatik.
  • Espainiako bisitarien artean gehiengoa kataluniarrak izan dira, eta lehen aldiz, Valentziar Erkidegoko bisitariak bigarren postuan jarri dira madrildarren aurretik. Ceuta eta Melillatik izan ezik, Espainiako erkidego guztietako turistak izan dira uztailean eta abuztuan Goierrin.
  • Batez beste, 5 egun baino gehiago igaro dituzte turistek eskualdean.
  • Mendiarekin lotutako eskaintzari buruzko kontsultak igo egin dira. GR 283 Gaztaren ibilbideak arrakasta handia lortu du, eta nazioartera salto egin du. Aurten Kanada, Alemania, Erresuma Batua, Belgika, Finlandia eta Norvegiatik ere iritsi dira ibilbidea egitera.
  • Bidaia agentzien eta errezeptiboen bidez eskualdera iritsi diren turista taldeak ere ugaritu egin dira.