Albisteak

Iritsi dira aurtengo San Prudentzio festak. Bihar, ostirala (apirilak 21), hasiko dira festak, eta maiatzaren 7ra arte (igandea), bukatuko dira. Herrigunean izango dira ekintza nagusiak apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte, eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 6an eta 7an, Lazkaomendin.

Beste urte batez, egitarau oparoa antolatu da herriko elkarteen laguntzarekin eta partaidatzarekin, herritarrek eta kanpotik bisitan datozenek ahalik eta gehien gozatu dezaten (ikusi egitaraua hemen klikatuta: egitaraua)

Egitarauaz harago, eta festak guztientzat festa izan daitezen, ezinbestekoa da ondokoarekiko errespetuz aritzea. Horregatik, Lazkaoko Udalak hiru mezu garrantzitsu helarazi nahi ditu herriko festei begira:

  • Eraso sexistarik ez: Lazkaoko Udalak argi adierazten du ez Lazkaon eta ez beste inon ez duela eraso sexistarik onartzen. Besteenganako errespetuan oinarritutako gizarte baten eraikuntzan lan egingo du, bai festa garai honetan eta baita urteko gainerako egunetan ere. Festetan gerta litezkeen erasoen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa ere osatu du udalak. Emakumeenganako errespetua oinarrizkoa da, eta irainen, jarrera sexisten eta erasoen aurrean jarrera irmoa du udalak: eraso sexistarik ez! Ez, ez da!
  • Mugak gainditu gabe: Festen bueltan ohikoa izaten da parranda jan-edanarekin uztartzea, eta horregatik, Lazkaoko Udalak kontzientzia kanpaina bat egin nahi du, batez ere gazteei begira. Gehiegizko alkohol kontsumoak ekarri ditzakeen ondorioak saihestea da helburua, batez ere adin txikikoen artean (gogoratu beharrik ez dago adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dagoela). Kanpainaren barruan "Izan zeu, alkoholak ez zaitzala aldatu" goiburu duen mezua zabaldu nahi du udalak.
  • Loa errespetatu: Herritar guztiek festez gozatzeko duten eskubidea bezain garrantzitsua da egun horietan lo egin nahi dutenen eskubidea kontuan izatea. Horregatik, parrandan dabiltzanei besteen loa errespetatzeko deia egiten du Lazkaoko Udalak. Kalean musika aparailuak jartzen dituztenei ordutegiak errespetatzeko eta gauerditik aurrera musikaren bolumena neurtzeko ere eskatzen du udalak. Berdin herriko tabernariei ere: goizaldean musika bolumena jaitsi dezatela. Udalak antolatutako ekintzetan kontuan izango da guzti hau.

Kontuan hartu festek irauten duten bitartean herri erdigunea zirkulazioari itxita egongo dela. Horregatik, Lazkaora sartzeko eta herritik irtetzeko bariantea erabiltzea eskatzen da. Ertzaintzak jakinarazi du alkoholemia kontrolak ugarituko dituela gauez, alkoholaren eraginez gerta daitezkeen istripuak saihesteko helburuarekin. Norberaren objektu pertsonalak arretaz zaintzeko deia ere egiten da, lapurretak direla-eta.

Lazkaoko Udalaren izenean, ONDO PASA SAN PRUDENTZIO FESTAK!

 

 FESTETAKO EGITARAUA DESKARGATU

 

 

Buletina

Lazkaon dauden azken berriak jasotzeko, harpidetu gure buletinan
Please wait