Albisteak

Goierriko eskaintza turistikoa donostiarren eta gipuzkoarren artean ezagutzera emango du Goiturrek datozen egunetan “Eskualdeen txokoa, 10 hilabete 10 eskualde” egitasmoaren barruan. Ostiralean, martxoak 31, hasi eta datorren aste guztian zehar, eskualdeko eskaintza turistikoak leku berezia izango du San Sebastian Region bulegoan, bertara gerturatzen direnei Goierriko informazioa zuzenean eta modu zehatzean emateko.

 

Eskualdeko 11 museotako ordezkarik eta Goierri Turismoko arduradunek Goierriko eskaintza eta baliabide turistikoak azalduko dizkiete bisitariei.

 

Felix Urkola Lazkaoko alkatea eta Goiturreko lehendakariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu dutenez, “Goierri produktu anitzeko helmuga turistikoa da, gastronomia tradizionala, paisaia legendarioak eta hainbat mendetan historiak utzitako kultura jasotzen duten 11 museo eta interpretazio zentro dituena”.

 

Bihar, osteguna, martxoak 30, sektoreko ordezkariei eskualdearen eta bertako eskaintza turistikoaren berri emango diete. Txartel banatuko diete Goierriko eskaintza ezagutu dezaten, eta ondoren gure eskualdeko enbaxadore izan daitezen.

 

Eskualdeko eskaintza biltzen duen diptiko berri bat ere argitaratu du Goiturrek, eta Donostiako autobus turistikoaren atzeko aldean Goierri promozionatuko dute urtea amaitu arte “Goierri, San Sebastian Region” sloganarekin.

 

Apirilaren 8an Donostiako Boulevard-ean hainbat ekintza egingo dituzte Goierri Gipuzkoako hiriburuan promozionatzeko. Familia osoari zuzendutako tailerrak eta ekintzak izango dira. 10:00etatik 14:00etara egingo dituzte.


Aste Santuko oporren atariko jarduera berezia izango da, eta Goiturrek herritarrak animatu nahi ditu bertan parte hartzera. Etxe ondoan ditugun altxorrak ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.

Jarraian agertzen den loturan, Goierri promozionatzeko Goiturrek egin duen bideo berria ikusi daiteke:Goierri

Honako loturan, berriz, prentsaurrekoa: Gipuzkoa Orain