Albisteak

  • Parekidetasun alorretik zuzenduta, herriko gaztetxoekin Giza Eskubideekin lotutako ikastaro bat burutu du alorreko teknikari adituekin elkarlanean.
  • Ikerketa ezberdinetik eratorritako hainbat datuk bultzatuta gaiok herriko gaztetxoekin zuzenean eta era jarraituan lantzeko programaren lehen alea izan da honakoa: genero Indarkeriaren datuen arabera, euren bikotekidearen edo bikote ohiaren biolentziaren biktima izan ziren emakumeen %35, 18 eta 30 urte bitartekoak ziren, edota mutilen %13,1ek onartzen du izan duten neskei noizbait tratu txarrak eman edo ematen saiatu direla eta %26ak uste du ez dela tratu txarra bikotearen harremanak kontrolatzea.
  • Kepa Zubiarrain, alkatea: “Biolentzia Estrukturalaren ondorioz ematen diren Giza Eskubideen urraketei arreta berezia ezarri diegu ikastaro honetan. Garrantzitsua oso txikitatik jardutea Lazkao berdinzalea baitugu jomuga, genero, arraza, sexu… -etatik haratago doana eta elkarrekiko errespetua duena oinarri; herri parekidea”.

Lazkaoko Udalak, Parekidetasun alorretik zuzenduta, herriko gaztetxoekin Giza Eskubideekin lotutako ikastaro bat burutu du Dar Dar produkzioak etxeko teknikari adituekin elkarlanean.

Ikerketa ezberdinetik eratorritako hainbat datuk bultzatuta gaiok herriko gaztetxoekin zuzenean eta era jarraituan lantzeko programaren lehen alea izan da honakoa. Jarduera ezberdin ugari burutu dira gelaz-gela: Johan Galtung soziologoaren Biolentzia Zuzena, Biolentzia Estrukturala eta Biolentzia Kulturalaren definiziotik abiatuta, Mundua, ispilua eta ni Ikuskizunaren emanaldia eskaini dute, zeinak jorratzen duen genero indarkeria gure gizartean, Indiako kaleetan bizi diren haurren prostituzioa, eta aurreko mendeko 50. hamarkadan Estatu Batuetan arrazakeriaren inguruan egon ziren mobilizazioak. Helburu izan du hausnarketa bultzatu eta norbanakoak konpromisoak hartzea.

Hainbat datu ere jorratu dituzte, jardueran landutako hainbat eta hainbat argudiok gizartearekin duten lotura zuzena eta erreala nabarmentzeko: Ertzaintzak landutako gazteen artean gertatzen diren Genero Indarkeriaren datuen arabera, euren bikotekidearen edo bikote ohiaren biolentziaren biktima izan ziren emakumeen %35, 18 eta 30 urte bitartekoak ziren. Egunean 3 eraso gertatzen dira 13 eta 30 urte arteko nesken aurka eta erasotzaile gehienak bi adin tarte gazteenetan daude: 31 urtetik 40 urtera (%34) eta 18 urtetik 30era (%26,63). Askatasun sexualaren aurkako erasoen kasuan zenbat eta gazteago, orduan eta arrisku handiagoa dagoela, jasandako indarkeria publiko egin duten biktimen %68, 30 urtetik berako neskak baitira.

Berdintasuna eta Genero-indarkeriari aurre hartzea Nerabezaroan ikerketa (2.010) Osasun, Politika Sozial eta Berdintasun Ministerioak burututako ikerketatik xehetzen denez, mutilen %13,1ek onartzen du izan duten neskei noizbait tratu txarrak eman edo ematen saiatu direla eta %26ak uste du ez dela tratu txarra bikotearen harremanak kontrolatzea. %30,7rentzat ez da tratu txarra bikoteari “ez duela ezertarako balio esatea” eta %35entzat ez da tratu txarra “egiten duen guztia kontrolatzea” (azken baieztapen hau nesken %26,2ak ere berea egiten du).

Kepa Zubiarrain alkateak oso garrantzitsutzat jo du gaztetxoak txiki-txikitatik berdintasun ereduan heztea: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen gara, duintasun eta eskubide berberak ditugu, eta elkarren artean senide legez jokatu behar dugu. Datuek diote gaztetxoengan eragin behar dugula. Biolentzia Estrukturalaren ondorioz ematen diren Giza Eskubideen urraketei arreta berezia ezarri diegu ikastaro honetan. Norbanakoaren jarreran, bereziki, jarri dugu fokua: genero berdintasun falta, gizon eta emakumezkoen harremanetan dagoen asimetria, emakumeek jasaten duten biolentzia estrukturala… Garrantzizkoa oso hausnarketa, Lazkao berdinzalea baitugu jomuga, genero, arraza, sexu… -etatik haratago doana eta elkarrekiko errespetua duena oinarri; herri parekidea”.

Dar dar ikastaroa 1