Albisteak

  • “Euskarak bere sarean harrapatu gaitu” lelopean abenduaren 3rako hainbat ekimen antolatu dira.
  • Euskaraldiaren bueltako bizipenak zintzilikatzeko sare ezberdinak jarri dira herriko hainbat gunetan. Herritarrak horietan beren idatziak ezartzera gonbidatu dute antolatzaileek.
  • Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea: “euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eta konpromisoak hartzeko eguna da. Euskal herritar eta lazkaotar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea eta bere erabilera egikaritzea, urteko 365 egunetan”.

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Lazkaon, eguna baliatuz, euskararen erabilera aldarrikatzeko eta sustatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Udalak, ikastolak eta Euskalgintzako hainbat eta hainbat eragilek.

“Euskarak bere sarean harrapatu gaitu” lelopean garatuko dira abenduaren 3rako antolatu diren ekintza ezberdinak. Hori irudikatzeko, Euskaraldiaren bueltako bizipenak zintzilikatzeko sare ugari jarri dira herriko hainbat gunetan. Herritarrak horietan beren idatziak ezartzera gonbidatu dute euskalgintzako eragile eta udal ordezkariek.

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak nabarmendu duenez, elkarlanetik sortu den ekimen bilduma osatu dute: “1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten. Eta orain, guztiok bat eginik euskararen erabilera bultzatu behar dugu. Euskararen sarean harrapatu behar gara. Eta horretarako ekintza bilduma hau”. Nabarmendu du euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eta konpromisoak hartzeko eguna dela: “hau da, euskal herritar eta lazkaotar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea eta bere erabilera egikaritzea, urteko 365 egunetan. Konpromisoak hartzeko eguna da, oraindik ere asko dugulako egiteko”.

Honakoa da, beraz, Lazkaoko Udalak, Maizpide Euskaltegiak, San Benito Ikastolak, Gerriko kultur Elkarteak, Lazkao Txiki musika eskolak eta Oin Arin dantza taldeak elkarlanean antolatutako jarduera bilduma:

Abenduak 3. Euskararen nazioarteko eguna

Goizean ikastolako haurren marrazkiak jarriko dira herriko komertzio eta tabernetan.

11:00. Ikastolatik abiatuta ikasle eta herritarrekin kantujira musikaz alaituta. Amaiera plazan.

11:30. Pregoiaren irakurketa udaletxeko bakoitik. Ondoren koreografia ikasleen eskutik.

18:00. Lazkao Txiki Musika Eskola eta Oin Arinekin erromeria herrian zehar.

Euskara eguna