Albisteak

  • “Euskarak bere sarean harrapatu gaitu” lelopean garatuko dira azaroak 28 eta 29 eta abenduaren 3rako antolatu diren ekintza ezberdinak.
  • Euskaraldiaren bueltako bizipenak zintzilikatzeko sare ezberdinak jarriko dira herriko hainbat gunetan. Herritarrak horietan beren idatziak ezartzera gonbidatu dute antolatzaileek.
  • Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkatea: “euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eta konpromisoak hartzeko eguna da. Euskal herritar eta lazkaotar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea eta bere erabilera egikaritzea, urteko 365 egunetan”.

Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna da. Lazkaon, eguna baliatuz, euskararen erabilera aldarrikatzeko eta sustatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Udalak, ikastolak eta Euskalgintzako hainbat eta hainbat eragilek.

“Euskarak bere sarean harrapatu gaitu” lelopean garatuko dira azaroak 28 eta 29 eta abenduaren 3rako antolatu diren ekintza ezberdinak. Hori irudikatzeko, Euskaraldiaren bueltako bizipenak zintzilikatzeko sare ugari jarriko dira herriko hainbat gunetan. Herritarrak horietan beren idatziak ezartzera gonbidatu dute antolatzaileek.

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak nabarmendu duenez, elkarlanetik sortu den ekimen bilduma osatu dute: “1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten. Eta orain, guztiok bat eginik euskararen erabilera bultzatu behar dugu. Euskararen sarean harrapatu behar gara. Eta horretarako ekintza bilduma hau”. Nabarmendu du euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eta konpromisoak hartzeko eguna dela: “hau da, euskal herritar eta lazkaotar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea eta bere erabilera egikaritzea, urteko 365 egunetan. Konpromisoak hartzeko eguna da, oraindik ere asko dugulako egiteko”.

Honakoa da, beraz, Lazkaoko Udalak, Maizpide Euskaltegiak, San Benito Ikastolak, Gerriko kultur Elkarteak, Lazkao Txiki musika eskolak eta Oin Arin dantza taldeak elkarlanean antolatutako jarduera bilduma:

Azaroak 28, osteguna

Euskaraldiarekin lotutako mezuak zintzilikatzeko sareak jarriko dira herriko gune desberdinetan.

San Benito ikastolan ere haur eta gazteek berain leloak eta mezuak zintzilikatuko dituzte.

18:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin pintxopotea herrian zehar.

Azaroak 29, ostirala

20:15. AMERRI! Ikuskizuna: bertsoak, musika eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna Carolina Philips, Mixel Ducau, Andoni Egaña eta Andoni Salamerorekin Arerian.

Abenduak 3. Euskararen nazioarteko eguna

Goizean ikastolako haurren marrazkiak jarriko dira herriko komertzio eta tabernetan.

11:00. Ikastolatik abiatuta ikasle eta herritarrekin kantujira musikaz alaituta. Amaiera plazan.

11:30. Pregoiaren irakurketa udaletxeko bakoitik. Ondoren koreografia ikasleen eskutik.

18:00. Lazkao Txiki Musika Eskola eta Oin Arinekin erromeria herrian zehar.

Lazkao Euskara Eguna 2019 def page 001