Maiatzaren 26ra arteko epea egongo da izena emateko, horretarako izen emate orria kiroldegira eramanda.

UDAKO AISIA ZERBITZUA

Udako Aisia aurten ekainaren 24tik uztailaren 24ra arte emango da aisia eta kirol zerbitzua. HH3tik LH6ra arteko haurrei zuzenduta egongo da zerbitzua, hau da, 2007 eta 2015 urte artean jaiotakoei. Guztira 180 haurrentzako lekua egongo da. Jolas giroan, hainbat jarduera, tailer eta ekintza izango dituzte aukeran bi zerbitzuetan parte hartzen dutenek.

Iaz egin zen moduan, aurten ere bi ordutegi egongo dira aukeran. Lehen ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da, eta bigarrena 10:00etatik 13:00etara. Izen emate orrian zehaztu beharko da zein ordutegitan jaso nahi den zerbitzua.

Haur bakoitzagatik ordaindu beharreko kuota kopurua, zerbitzua jaso nahi den ordutegiaren araberakoa izango da. 09:00etatik 13:00etara zerbitzua jasoko duen haur bakoitzagatik 95,70 euro ordaindu beharko da, eta zerbitzua 10:00etatik 13:00etara jaso nahi duenak 71,75 euro ordaindu beharko du. Ordainketa guztiak kontu korronte bidez egingo dira.

UDAKO KIROL KANPAINA

Udako Kirol Kanpainako ikastaroak HHtik batxilergora arteko lazkaotarrei zuzenduta egongo dira. Ekainaren 24an hasi eta uztailaren 19an amaituko dira ikastaroak.

Ikastaroei dagokionez, iazko kanpainan lehen aldiz eskaini zen “Kirolanitzeko jarduera” mantendu egingo da. Egunero bi orduz kirol desberdinak ezagutu eta praktikatzeko aukera eskaintzen du jarduera honek. Horrekin batera ikastaro berri bat ere izango da aukeran: zesta punta ikastaroa.

Honakoak dira aurten eskainiko diren ikastaroak:

  • HH eta LH: Haurtxoen igeriketa, igeriketa, irristaketa, tenisa, aerobik txikia, gimnasia erritmikoa, arku tiraketa, zumba txiki, eskupilota, zesta punta, mendiko bizikleta, eskalada, triatloia, piraguismoa eta kirolanitza.
  • DBH eta batxilergoa: Piraguismoa, zumba, pilates gazte, ziklo indoor.

Zehaztutako ikastaro hauez gain, DBHko eta batxilergoko ikasleek beste proposamenen bat izango balute, eskaera egiteko aukera izango dute. Horretarako, kiroldegira joan beharko dute, eta bertan adierazi zein ikastaro egin nahiko luketen. Eskaera bideratzeko ahalegina egingo du udalak.