Albisteak

Lazkao, Ordizia eta Beasaingo Udalek EGIZU EUSKARAZ! kanpaina jarri dugu martxan. 2009az geroztik urtero egiten dugu kanpaina, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.

Kanpainan, esku-orriak banatu ditugu etxez etxe, eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira, edonoren eskura. Horrekin batera, Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete.

Kanpainaren helburua

Helburua da hastear den errentaren aitorpenaren kanpainan, iaz baino herritar gehiagok egitea deklarazioa euskaraz. Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak urtez urte:

Errenta aitorpena ere euskaraz

2018 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da, baina apirilaren 8tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onar daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi baduzu, apirilaren 15etik aurrera egin ahal izango duzu (horretarako hitzordua apirilaren 12tik aurrera eska daiteke).

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  1. Autolikidazio proposamena
  2. Mekanizatua
  3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela era, ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez duzu egin behar. Nola?

  • Autolikidazio proposamena:Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.
  • Mekanizatua: Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.
  • Internet bidezkoa: Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera.