Albisteak

Lazkaoko Udalak onartu berri du herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzetarako 2019. urterako deialdia.

Herrian, merkataritza eta ostalaritza jarduera berriak sustatzea eta irekita daudenak berritzea eta modernizatzea da laguntza hauen helburua.

Laguntzaren oinarriak, aurreko urteko berak izaten jarraitzen dute. Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta emanda dauden Lazkaoko merkataritza eta ostalaritza jardueren titularrek eskatu ahal izango dute laguntza, baldin eta 2019an zehar merkataritza edo ostalaritza jarduera bat ireki edo berritzen badute. Irekiera berria izateagatik 250 euroko zenbateko finkoa emango du udalak. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuaren %12-ra arteko laguntza eskatu ahalko da, diru laguntza gehienez ere 1.000 eurokoa izanik. Laguntza eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, 2019ko abenduaren 31 baino lehen.

Hala, laugarren urtez onartu du laguntza hau Lazkaoko Udalak. Aurreko hiru urteetan, guztira 23 negoziok jaso dute diru laguntza. Laguntzaren hauen bidez, 2015etik merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean ireki eta itxi diren negozioen arteko balantze positiboari eutsi nahi zaio.

Lazkaoko Udalak 2015-2019 Kudeaketa Planean jasotako helburu estrategikoen barruan dago herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea. Herriko merkataritzan eta ostalaritzan nabaritzen den dinamismoari sostengua ematea da xedea, Lazkaoko herritarren eskura zerbitzu eskaintza zabal jartzeaz gain, herriko ekonomia eta enpleguaren garapenean zuzeneko eragina duelako sektore honek.