Albisteak

Lazkaoko Udalak herriko mapa toponimikoa argitaratu du. Geograma enpresak egin du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

2017an egindako ortofoto bat jasotzen da mapan, eta kale izenak eta atarietako zenbakiak agertzen dira bertan. Horrez gain, auzoak; industria eremuak (poligonoak); interesgune turistikoak, artistikoak eta historikoak; zerbitzuak; osasun zentroak; hotelak, hostalak, lo lekuak...; merkataritza eremuak (dendak, tabernak, jatetxeak...); eskolak; kultur eraikinak; eta erlijio guneak.

Kartografiari dagokionez, ibaiak, mendiak, errekatxoak, eta errepideak ere izendatu dira. Horrez gain: herriko mugak, puntu kilometrikoak eta kotak zehaztu dira mapan.

Eremu bakoitza identifikatzeko legenda bat ere jarri da, argibide gehiago izateko. Guztira 3.000 ale inprimatu dira, eta Lazkaoko etxebizitza guztietara banatu da. Hizkuntza alorreko aholkularitza Euskaltzaindiak eman du.

Lazkaoko Udalak egiten duen bigarren mapa toponimikoa da. Aurrekoa Imanol Goikoetxeak zuzenduta egin zen, Ikermap enpresaren bidez. Hainbat herritarren laguntza izan zuen Goikoetxeak mapa egiteko.