Albisteak

Igandean izango da Astotxo Eguna.

Lazkaoko urteko lehen zita nagusia izaten da Astotxo Eguna, Errege egunaren edo Epifaniaren ondorengo igandean ospatzen dena. Igande honetan izango da, urtarrilak 13. 1652.urtean du jatorria jai honek, Zistetar komentuaren inguruan. Lazkaoko mojek Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa azaltzen duten irudiak elizako presbiterioan jarri zituzten.

Urtetik urtera, ohitura bihurtu zen irudia ikustera joatea. 80. hamarkadan, ohitura horretan beste pauso bat eman zen, herritar talde batek irudiko pasartea antzezlan bihurtu zuenean. Ordutik, 100 herritarretik gora dira kale antzerkian parte hartzen dutenak.

“Egiptorako ihesa” antzezpena

Azken 30 urte hauetan bezala, “Egiptorako ihesa” antzezlana Lazkao Txiki Zelaian izango da, eta aurten ere 150 herritar inguruk parte hartuko du Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean.

Ohi bezala, Zawopi elkartea arduratuko da antzezpenaz. Infantodoko dukearen jauregia Herodesen jauregi bihurtuko da beste urte batez, eta Lazkaoko gune historikoa, Judea. Antzezpenean Herodesek, Errege izateko jaio den haur baten berri jasoko du, eta agintea galduko duenaren kezkaz, bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindua emango du dekretu baten bidez.

Joseri eta Mariari aingeru batek emango die erabaki honen berri, eta ihes egiteko aholkatuko die. Ihesaldi honetan Belengo herria izango dute gordeleku, Herodesek bere dekretua bete arazten duen bitartean.

Antzezpen nagusiaren aurretik, “Astotxo Txiki” antzezpena egingo dute haurrek, Beneditarren monasterio paretik Lazkao Txiki Zelaira. Antzezpen nagusian agertzen diren pertsonaia nagusien papera hartzen
dute haurrek, eta desfilea egiten dute.

Urtero bezala, Zistetarren komentuko Presbiterioan Jesusen familiaren Egiptoko ihesaren irudiak ikusi ahalko dira eta olata salmenta ere egongo da.

Enkarterrri arrazako astoen lehiaketa

Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa eta kalifikazio ofiziala ere egingo dira igandean Lazkaon, plazan. 100 asto inguru lehiatuko dira, eta epaimahai bat arduratuko da astoak Enkarterri arraza autoktonokoak diren baieztatzeaz, ondoren ziurtagiriak banatzeko. Eguerdi aldera ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute.

Enkarterri arrazako astoak garaiera txikikoak dira (nekez gainditzen dituzte 120 zentimetro), tamainaz proportzionatuak eta orekatuak. Azal kolore beltza edo gaztain kolorekoa izaten dute, eta batzuek marra beltz bat izaten dute eskalpulan eta besapeetan.

Honakoa da iganderako antolatu den egitaraua:

  • 10:00: Asto diana.
  • 11:00: Meza nagusia Zistetarren komentuan.
  • 12:00: Gipuzkoako XIX. Enkarterri asto lehiaketa.
  • 12:30: “Astotxo txiki” kale antzezpena.
  • 13:00: Egiptorako ihesaren kale antzezpena.

Goizean zehar salda banatuko da eta trikitilariek eta txistulariek emanaldiak egingo dituzte herrian zehar.

Autobus geralekuetan aldaketak

Astotxo Eguneko ospakizunak direla-eta, Lazkao Txiki Zelaiko geralekua erabileratik kanpo geratuko da igandean, 10:00etatik 15:00etara bitartean. Geraleku horren ordez, Areso 3 parean egingo du geldialdia autobusak. Hesiekin zehaztuta egongo da non izango den geralekua.