Albisteak

Gabonak ate joka daude eta Lazkao ere prestatu eta atondu da egun berezi horietarako.

Egitarau berezia prestatu dute udalak eta herriko talde eta eragileek Gabonetarako, abenduaren 13an hasi eta urtarrilaren 13ra arte.

Rwanda taldeak eta San Benito ikastolak antolatutako “Beste mundu bat posible da” egitasmoarekin hasi dira ekintzak, eta Astotxo Egun handiarekin amaituko dira. Webgune honetako Agenda atalean kontsulta ditzakezu ekitaldiak egunez egun, edo lotura honetan klikatuta egitaraua deskargatu: Egitaraua.

Herri bizia da Lazkao, eta hala izan dadin lan egiten du udalak eta herriko talde eta eragile ugarik. Urte guztian bezala, Gabonetan ere herrian geratzeko eta kontsumitzeko aukera ematea da ekintza sorta honen helburua, herritarrok egiten dugulako herria.

Kultur eta kirol eskaintza anitza antolatu da, eta merkatariak eta ostalariak ere lanean ari dira herriko ekonomia indartzeko. Lazkaoko ohiturekin lotutako ekintzez gain, ekitaldi eta ekintza bereziak ere antolatu dira aurten: nazioarteko sofbol txapelketa, zesta punta jaialdia, San Silbestre lasterketak, liburu eta disko azoka, ipuin kontaketak, musika emanaldiak, zine emanaldi bereziak, opera, Olentzero, Maridomingi eta hiru Errege Magoen bixita… Bada non gozatu.

Aurten antolatu diren ekintzen artean, badira hainbat berezi:

  • Olentzero eta Maridomingi: Aurten lehen aldiz haurren eskutitzak jasotzera gerturatuko dira Lazkaora. Abenduaren 21ean plazan egongo dira, 18:00etatik aurrera. Lazkaoko zein kanpoko haurrek Olentzerorekin eta Maridomingirekin egoteko aukera izango dute, eta gertutik ezagutu ahal izango dituzte. Gabonetako ilusiorik handienetako bat bizi ahal izango dute.
  • Izotz pista: Laugarren urtez jarraian, izotz pista jarriko da plazako pilotalekuan. Hiru egunez egongo da izotzetan irristatzeko aukera, abenduaren 27tik 29ra. Goizez eta arratsaldez egongo da irekita izotz pista hiru egunetan: 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:30era.
  • Su artifizial musikatuak: Hiriburuetako jaietako ekitaldi hunkigarrienetakoa eta jarraituenetakoa izaten da su artifizialen jaialdia. Lazkaon ere gozatu ahalko da Caballer etxe ezagunaren magiaz, baina modu berezi batean. Su artifizialak musikaz lagunduta jaurtiko dira, eta bi arte uztartuz ezohiko ikuskizuna ikusi ahalko da. Abenduaren 30ean izango da ikuskizuna, 20:00etan. Igerileku estaligabetik jaurtiko dira suak.
  • San Silbestre probak: Familian edo lagunartean, giro lasaiean eta lehia estuetatik urrunduz, San Silbestre proba herrikoiak egingo dira Lazkaon abenduaren 31 goizean. Antzar Korrikalariak antolatuta, kirola eginez tarte atsegin bat igarotzeko aukera egongo da aurten ere. Ohiko ordutegia baina pixka bat lehenago egingo dira aurten ere probak: haurrena 11:30ean izango da eta helduena (14 urtetik gora) 12:30ean.
  • Astotxo Eguna: Lazkaon ez dira Gabonak amaitzen Astotxo Eguna igaro arte. Urtarrilaren 13an ospatuko da aurten, Gipuzkoako XX. Enkarterri asto lehiaketarekin eta Egiptorako Ihesaren kale antzezpenarekin.

Gozatu Lazkaoko eskaintzaz, eta jarrai dezagun elkarrekin herri bizi bat egiten.