Hainbat kirol ardatz hartuta, bigarrenez egingo da Lazkaon Kirol Astea.

Gaur eman zaio hasiera, Goierriko Mendizale Beteranoen “Amets gauzatua” argazki erakusketaren irekierarekin. Urriaren 5era arte ikusi ahalko da.

Haurrei zuzendutako txapelketak, erakustaldiak, hitzaldiak, jolasak eta ikus-entzunezkoak izango dira Kirol Astearen oinarria.

Pirinioetan eta Alpeetan egin daitezkeen jarduera ezberdinei buruz Imanol Lasa mendizaleak egin duen ikus-entzunezkoa datorren asteartean ikusi ahalko da. Goierriko Mendizale Beteranoek, erakusketa ez ezik, “Hamar urteko uzta” ikus-entzunezkoa ere aurkeztuko dute Lazkaon. Taldea sortu zutenetik izan dituzten bizipenak biltzen dituzte ikus-entzunezkoan.

Don Bosko Konpetizioa taldearen eskutik Formula Renault autoa ikusi ahalko da Kirol Astearen barruan, eta nahi duten guztiek aerobiton, zunbaton eta boxing emanaldietan eta mendi jolasetan aritzeko aukera izango dute.

Lehiaketei dagokionez, larunbatean eskola umeen duatloia egingo da, eta astelehenean eta asteartean 3x3 saskibaloi txapelketa.