Lazkaoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen inguruko azterketa egin da, sektoreak 2015etik egin duen lanaren analisia egiteko.

Ia hiru urte pasa dira jada Lazkaoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen inguruko azterketa egiten hasi zenetik. Hasiera hartan, Lazkaoko Udalean ez zegoen herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen datu base eguneraturik, eta sektorearekin komunikazio zuzen bat izateko bideak ere faltan botatzen ziren.

2015 urtearen azken partean Ikei taldearekin eginiko azterketaren ondotik, lan plangintza zehatz bat jarri zen martxan, sektorearen indartzea helburu jarrita. Ibilbide hori aurrera eraman ahal izateko, sektorearekin partaidetza foroak sortu ziren: Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiak, adibidez. LazkaOn herriko merkataritza sektoreko elkartearekin hartu-emana eta elkarlana oiko bilakatu da ordutik. Eta egun, udalak zein Lazkao-ko bizilagunek, eskuragarri dute herriko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Gida, sektoreko partaide guztien kontaktuekin (udaletxeko webgunean ere eskuragarri dago gida).

2018 urtearen hasiera aldera, udaleko Etxebizitza eta Jarduera Ekonomiko Batzordeak ordura arte eginiko lanaren irakurketa eta analisi baten beharra ikusi zuen. Martxan jarritako dinamikak hobetzea eta indartzea da helburua. Horixe da, azken hilabetetan sektoreko 100 profesionalei eginiko inkesta eta hainbat elkarrizketaren ondoren, Ikei-ko lantaldeak aurkeztu duen txostenean aditzera ematen dena.

Txosten hau aurreko hilean aurkeztu zitzaion sektoreari, Merkataritza eta Ostalaritza Mahaien bilera bateratu batean. Eta orain, www.lazkao.eus webgunean zintzilikatu da, interesa duen orok eskuragarri izan dezan.

Azterketak ondorioztatzen duenez, 2015-ean martxan jarritako ekintza planaren betetze maila altua da. Izan ere, plangintza hartan identifikatu ziren lan ildoen gehiengoa martxan jartzea lortu da.

Nabarmentzeko bigarren datua, ekintzailetza bultzatu eta establezimendu ehuna %7,7 handitzea lortu dela da. Honek aktibitate ekonomikoan eta Lazkaoko herritarrek herrian bertan eskuragarri dituzten zerbitzuen
mailan eragiten du zuzenean.

Martxan jarritako dinamizazio jarduerak ere baloratu dituzte profesionalek galdetegian. Bertan, Erosketa Bonoa eta Gabonetako eta udazkeneko kanpaina bezalako ekintzak gehien baloratzen direnen artean agertzen dira. Beste alde batetik, udalaren inplikazioa eta mahai sektorialen sorrera ere positiboki baloratzen dira. Horregatik, merkatariei zein ostalariei, bileretan parte hartzera animatu nahi zaie beste behin, partaidetza ahalik eta zabalena lortzeko.

Datu guzti hauek eta beste hainbat aztertu eta etorkizuneko dinamika eta lan ildoak jorratzen jarraitzeko, Ikei-ko aholkularien laguntzaz, Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiaren bilera bateratuak aurrea eramaten ari da orain udala. Definitzen diren ondorengo kanpainetan, sektoreko profesionalen arteko partaidetza eta elkarlana sustatu nahi da. Bide horretan aurreratzeko, datorren asteazkenean, uztailaren 25, hurrengo lan bilera izango dute Mahaiak udaletxean.