Albisteak

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak bultzatutako Singular Dendak zigilua jaso dute Lazkaoko Koboloi eta Miszelania dendek.

Egitasmoaren helburua lurraldeko dendak lehiakorragoak izan daitezen lortzea da, eta horretarako hainbat formakuntza saio eta ebaluaketa prozesu bat gainditu behar izan dute Koboloiko Mireia Estevezek eta Miszelaniako Ainitze Kortak.

Lazkaoko Udalak 2015-2019 epealdirako markautako ildo estrategikoen barruan dago herriko ekonomia sustatzea, tartean merkataritza alorrekoa. Hala, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak (Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin) bultzatutako egitasmoa babestu du udalak, eta herriko merkatariei aurkeztu zien proiektua orain urte bete.

Iñaki Estensoro zinegotziak azaldu duenez, Lazkaoko Udalaren helburua herriko merkataritza eta zerbitzuak maila onean mantentzea da, “horrek herria bizi mantentzen laguntzen duelako”. Singular Dendak egitasmoak “helburu horrekin bat egiten du, eta udaletik interesgarri ikusi zen ekintza. Merkatariei azaldu genien, eta urte bete ondoren prozesu horren amaieran gaude”, azaldu du Estensorok. “Zorionak eta eskerrik asko prozesu hori bete duzuen merkatariei”.

Herriko dinamizazioan eragiteko

Rosa Martin Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkariak azaldu duenez, Singular Dendak egitasmoaren helburua herrien dinamizazioan eragitea da. “Singular zigilua ez da distintzio soil ba. Konpromiso bat da, lanean jarraitzeko merkatariek hartzen duten konpromisoa”, azaldu du Martinek.

Herriko eta eskualdeko merkataritza indartzea da asmoa, tokian tokiko aberastasunak eta bereiztasunak agerian jarriz. “Ez daitezela herri denak eta kale denak berdinak izan. Denda berezi asko daude, bereiztasun hori mantentzeko gogor lan egiten dutenak, eta horiek nabarmendu nahi ditugu”. Horretarako, pertsonak, komertzioa, produktua eta komunikazioa alorretan lan egin dute Miszelania eta Koboloi dendetako ordezkariek, Beasaingo eta Ordiziako hainbat merkatarirekin batera.

Gaur egun 105 dendak dute Singular zigilua Gipuzkoan, eta datorren urtean kopurua 200era igotzea da helburua. Lurraldeko turismo eskaintzarekin elkarlanean aritzea da orain erronka, eta bisitariak kostatik barruko herrietara erakartzea, barruko eskualdeetan dagoen merkataritza eskaintzaren bidez.