Albisteak

Lazkaoko Udalak eta LazkaOn Merkatari Elkarteak, Lazkaoko gainontzeko merkatariekin batera, erosketa bonoak sustatuko ditu hirugarren urtez.

Herriko merkataritza indartzea da egitasmo honen helburua. Aurten, guztira, erosketa bonoa 53 komertziotan erabiltzeko aukera egongo da.

Kanpaina datorren maiatzaren 7an hasiko da, eta herritarrek ekainaren 1era arte erabili ahal izango dituzte bonoak. 50 euroko balioa duten bonoak erosi ahal izango dira, 40 euro ordainduta. Bonoak 10 euroko bost txarteletan zatituta egongo dira, erabilera errazteko; bost txartel horietatik bi, Lazkaon Merkataritza Elkarteko kide diren komertzioetan erabili beharko dira.

300 bono guztira

Guztira 300 bono jarriko dira eskuragarri, eta pertsona bakoitzak bono bat erosteko aukera izango du gehienez. Baina, beste pertsona baten NAN aurkeztuz gero, beste bono bat erosteko aukera ere egongo da. Lazkaoko udaletxean bertan izango da kanpainako txartelak erosteko aukera, maiatzaren 7tik aurrera, 09:00etatik 18:00etara bitartean, eta bono guztiak agortu arte.

Herritarrak eskaintza berezi honetan parte hartzera animatzen ditu udalak, erosketak herriko komertzioetan egitea garrantzitsua baita. Merkataritza indartzea, Lazkaoko ekonomiaren garapenerako oso garrantzitsua da.

Herrian erosteak, zerbitzuetan ari diren lazkaotarren lanpostuak mantentzen laguntzen du, eta negozio eta lanpostu berriak sortzeko aukerak gehitzen ditu, Lazkaoko herria garatzen jarraitzeko. Herritarrek erosketak herrian egitea, herritarren onura bilakatzen da. Horregatik, erosketak herriko komertzioetan egiteko kontzientzia indartzen jarraitu nahi du Lazkaoko Udalak.

Kanpaina gehiago

Herriko komertzioa kalitatezkoa eta anitza da, eta herritarren esku ere badago hori bizirik mantentzea. Horregatik, orain aurkeztu denaz gain, urtean zehar beste kanpaina batzuk jarriko ditu martxan udalak eta LazkaOn elkarteak, udazkenean eta Gabonetan, esaterako. Horrez gain, formazio saioak eta bestelako kanpainak ere egin nahi dira. Guzti hau egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da LazkaOn Merkatari Elkarteak etaa udalak azken hilabeteetan gauzatu duten elkarlana.