Lazkaoko Udalak gazteei zuzendutako diru laguntza berri bat onartu du 2018ko aurrekontuen barruan: herriko gazteak emantzipatu ahal izateko alokairurako laguntzak emango ditu. 2016 urtearen bukaeran eta 2017 urtearen hasieran herriko etxebizitzei buruzko azterketa egin zuen Lazkaoko Udalak, eta hainbat ondorio atera zituen lanketa hartatik. Ordutik, hainbat lan ildo ere zehaztu ditu, tartean alokairura bideratutako laguntza hau.

Etxebizitza azterketak utzitako datuen arabera, herrian badago emantzipatu nahi duen kolektibo handi bat. Zehazki, Lazkaoko familien %5ean lehen etxebizitza eskuratzeko premia duen pertsona bat, gutxienez, badago. Hau da, emantzipatu gabe dauden eta lehen etxebizitza eskuratzeko premia duten 122 pertsona daudela kalkulatu da. Pertsona horietatik erdiek epe laburrean emantzipatu ahal izateko aukera adierazi dute, bi urteko epean zehazki.

Hala ere, azterketak erakutsi du lehen etxebizitza eskuratzeko premia duen kolektibo horren proportzio handi bat laneko ezegonkortasun egoeran dagoela: bost pertsonatik bakarrak du une honetan kontratu mugagabe bat. Hamar kasutik seitan, gainera, urteko diru-sarrerak ez dira 15.000 eurotik gorakoak.

Hala, ezegonkortasun horrek eta etxebizitza bat erosteko diru sarrera nahikorik ez izateak, etxebitzitza bat alokairuan hartzera bultzatzen ditu hainbat lazkaotar. Etxebizitza txostenak adierazten duenez, alokairua hautatu duten etxebizitza gehienetan arrazoi ekonomikoak aipatzen dira sarbide mota hori aukeratzeko. Hala, gaur egun alokatuta dauden etxebizitzen %12an (zortzi kasutatik bat) soilik izan da borondatezko hautua alokairuan bizitzea.

Guzti hau eta lazkaotarrek herrian bizitzeko adierazi duten nahia kontuan hartuta (lazkaotarren %97,4 oso gustura dago beraien etxebizitzaren hiri-ingurunearen eta bizi diren auzoaren kalitatearekin), herriko gazteei emantzipazioa ahalbideratzeko laguntzak emango dizkie Lazkaoko Udalak.

Diru laguntza 18 eta 35 urte arteko lazkaotarrei zuzenduta egongo da, eta laguntza hori jaso ahal izateko honako baldintzak bete beharko dira:

  • Gutxienez urtebeteko iraupena duen alokairu kontratu bat izatea.
  • Etxeko kideen artean inor ezingo da etxe-jabea izan.
  • Etxeko kideetako bat gutxienez hiru urtez Lazkaon erroldatuta egon beharko da.
  • Laguntza eskatzen duen kidea bakarrik bizi bada, bere diru sarrerak gehienez 27.000 eurokoak izango dira. Etxebizitza horretan kide bat baino gehiago bizi bada, kopuru hori ezingo da 39.000 euro baino gehiagokoa izan.
  • Hilean 550 eurotik gorako alokairua duten etxeak baztertu egiten dira.

2018an 20.000 euro bideratuko ditu Lazkaoko Udalak diru laguntza honetara. Laguntzak diru sarreren arabera emango dira, eta 75 euro eta 300 euro artekoak izango dira hilean.

Lazkaoko Udalak Lazkao herri bizi bat izaten jarraitzea du helburu, eta beste hainbat alorretan egindako lanketez gain, lazkaotarrak herrian bizitzen jarraitzea da bere nahia.