Lazkaoko Udalak, Azki emakumeen elkarteak, San Benito Ikastolak, Gaztelekuak, Gazte Asanbladak, Orobione elkarteak, Maizpide euskaltegiak, Gerriko kultur elkarteak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta hainbat herritarrek osatutako Berdintasun Batzordeak bat egin du beste behin Emakumeen Nazioarteko Egunarekin eta hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean martxoaren 8aren bueltarako.

Martxoaren 5ean hasi eta apirilera arte luzatuko dira ekintzak. Azki emakumeen elkarteak aste osorako egitaraua antolatu du, martxoaren 5etik 10era. Antolatu dituen ekintzen artean bi irekiak izango dira gainera: martxoaren 5ean eta 7an hitzaldi bana antolatu dute menpekotasun emozionalari buruz. Yolanda Cervera psikologoa izango da hizlaria. Bi hitzorduak 18:00etan izango dira, kultur etxeko erakusketa aretoan. Herritar guztiei irekitako ekintza da.

Martxoaren 8an, osteguna, elkarretaratzea egingo da plazan, 19:00etan. Amaitutakoan, triki poteoan egingo da. Gazte Asanbladak proposamena egin du triki-poteoan emakumeen nazioarteko egunari keinu egiteko: emakumeak ohikoan gizonarena den rol bat beraiena eginez jantzita parte hartzea. Adibidez, suhiltzailez jantzita. Keinu honekin emakumeak hainbat lanbidetan duen ausentzia bisilizatu nahi da. Kutsu erabat aldarrikatzailea duen egun honetan, balkoietan amantalak jartzera eta besoko moreak janztera
animatzeko deia egiten da.

Martxoaren 21erako, berriz, mahai inguru bat antolatu da. “Emakumea eta Artea” izango da gaia. Iaz emakumea eta kirola izan ziren mahai inguruaren ardatza eta aurten artearekin lotura duten herriko emakumeen egunerokoa plazaratzea izango da helburua. Kultur etxean izango da ekintza, 18:00etan.

Aurrera begira, eta San Prudentzio jaien atarirako, 18 eta 25 urte bitarteko neskentzat autodefentsa feminista tailer bat antolatuko da. Apirilaren 14an eta 15ean izangoa da, eta martxoaren 28ra arteko epea egongo da izena emateko. Ikastaroan parte hartzeko partaide kopurua mugatua izango da, gehienez ere 20 pertsonakoa. Kopuru hori gaindituko balitz, zozketa egingo da izena eman duten guztien artean. Izena udaletxeko harreran edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean eman behar da.

Gero eta mezu sexista gehiago egunerokoan

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira lanketa berezia egin nahi izan da aurten Berdintasun batzordean. Hala, egunerokoan komunikabideetan, publizitatean, sare sozialetan edo bestelako edozein euskarritan ikusten diren mezu eta irudi sexistak bildu dira. Mezu horiek hainbat kateletan jaso dira, eta kartelak herriko hainbat gunetan jarri dira. Ekintzaren helburua halako mezuak jendartera eramatea izan da, mezu sexistek duten presentzia nabarmenaz ohartarazteko.

Azken urtetan San Benito Ikastolarekin elkarlanean berdintasunaren alde egiten ari den lana azpimarratu nahi du Lazkaoko Udalak. San Benito Ikastolan berdintasunaren inguruko hainbat saio antolatuko dituzte urtean zehar. Horietan lehena egin dute jada, otsailean Irantzu Valera kazetari eta militante feministarekin saio feminista egin baitzuten. Maitasun erromantikoa landu zuten batxilergoko bigarren mailako ikasleekin. Saioaren oso balorazio ona egin dute.

Gaztelekuan ere landu dute berdintasunaren gaia, eta martxoaren 8aren bueltan lanketa berezia egingo dute. Martxoaren 10ean eta 11n ekintza bereziak egingo dituzte emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan.

Asteburu honetan, igandean, martxoak 4, Donostian egingo den 29. Lilaton lasterketa aintzat hartuta, Lazkaoko Udalak kamisetak ere banatu ditu herriko emakumeen artean. Oraindik kamiseta batzuk geratzen dira. Lasterketan parte hartu eta kamisetarik ez duenari, izen emate orriarekin udaletxera jotzeko gonbidapena egiten zaio.

Elkarrekin lanean

Berdintasun batzordeak herritarrak animatu nahi ditu martxoaren 8aren bueltan antolatu diren ekintzetan parte hartzera. Batzordearen izenean eskerrak eman dizkie martxoaren 8aren bueltako egitaraua zein mezu sexisten inguruko kartela osatzen lagundu duten guztiei.

Halaber, gaiarekin interesa duten herritarrak eta herriko elkarteak batzordearekin elkarlanean aritzera ere animatu dituzte, urtean zehar antolatuko diren ekintzetan bakoitzaren aletxoa jartzeko. Informazio gehiago nahi duenak udaletxera jo dezake.